Europako Zinema Berriaren JaialdiarenEuropako Zinema Berriaren Jaialdiaren lehen edizioa azken astean sartu da. Larunbata artean giza eskubideei eta zine esperimentalari buruzko proiekzioak eta hitzaldiak emango dituzte. Biak sail berriak dira. Programazioa.


Gaur Eduardo Montero eta Mariano Agudoren «Presos del silencio» guda zibilaren osteko lekukotasun errealetan oinarritutako dokumentala proiektatuko dute, eta, ondoren, Fernando Mendiola «Memoriaren Bideak» elkarteko kideak hitzaldia emango du. Bihar, Ana Torresen «Si nos dejan» filmaren txanda izango da. Bartzelonan bizi diren etorkinen bizitza kontatzen du tragikomedia kutsuarekin. Filomena Abrantes Afroamerikar Elkarteko presidenteak hitzaldia emango du bihar. Azkenik, ostegunean, «Mooladék» izeneko Ousmane Sembere zuzendari senegaldarraren filmak (Cannes 2004n saritua) ablazioa egiten dieten neska eta emakume askoren egoeraren berri emango du. Giza eskubideen saila ixteko, Maria de Maeztu Forum Feministako kide den Begoña Muruagak hitzaldia emango du.

Ordenagailuekin tailerra

Zine esperimentalaren atala hiru multzotan banatu dute. Artiumen gaur 17 etatik aurrera izango den bideo-sorkuntzari buruzko mahai inguruak hasiko du sail berria. Ondoren, zenbait film ikusi ahal izango da. Bihar, beste hainbat film proiektatuko dituzte Montehermoson.

Ostegunean Montehermosoko film emanaldiaz gain, Machinina lantegi bat antolatu dute, eta, bertan, Hug Gancock ordenagailu programa horretan aditua eta Strange Companyko sortzailea izango da. Ostiralean, zinema digitalari buruzko jardunaldia izango da goizez. Arratsaldez, film laburren aurrekontu txikiez arituko den mahaingurua izango da. Larunbatean «Demo-escena» laburmetraiei buruzko lantegiak agurtuko du aurtengo Neff Jaialdia.