Euskadiko Filmategiak eta Huescako Zinema Jaialdiak elkarrekin argitaratu dute «Contra la certeza. El cine de Julio Medem», zuzendari donostiarraren lanari buruz idatzi den lehen liburua, Medemek berak esan duenez. Egileak Jose Luis Rebordinos eta Jesus Angulo dira eta, bere filmak aztertzeaz gain, elkarrizketa luzea eta sakona egin diote zinemagileari.


Euskadiko Filmategia 1993an hasi zen euskal zinemagileei buruzko liburuak argitaratzen;Pedro Olea, Montxo Armendariz, Jabier Agirresarobe eta Enrique Urbizuk, adibidez, badute berea sail horretan. Azkena Julio Medem zuzendariari eskaini diote eta Huescako Zinema Jaialdiarekin batera argitaratu dute, joan den ekainean donostiarrari zinemaldi hartan egin zioten omenaldiaren harira.

«Contra la certeza. El cine de Julio Medem» liburuaren egileak Jose Luis Rebordinos Donostiako Kultur Patronatuko Zinema arduraduna eta Jesus Angulo dira. Biek elkarrizketa luzea egin diote Medemi liburua idazteko, eta, besteak beste, zinemagileak «Euskal pilota:larrua harriaren kontra»(2003) filmaren ondorioz sortutako zurrunbiloa nola bizi izan zuen kontatu du.

«Hau da nire zinemari buruz idatzi den lehen liburua», azaldu zuen atzo «Lucia y el sexo» (2001) filmaren egileak, Euskadiko Filmategiaren egoitzan. Bertan aurkeztu zuten liburua eta han izan ziren Peio Aldazabal Filmategiko zuzendaria, Jose Maria Escriche Huescako zinemaldiko zuzendaria eta Jesus Angulo. Liburuaren proiektua onartzeko arrazoien artean, Medemek elkarrizketa aipatu zuen. «Euskal pilotarekin gertatu zitzaidana atzean uzteko aukera emango zidalako, hari guztiari erantzuteko aukera», azaldu zuen.

Horretarako nahiko denbora pasatu zela aipatu zuen zinemagileak, baina aurten baino lehenago ez. Proiektu hori duela bi urte jaio zen, Jose Maria Escrichek esan zuenez. «Gure jaialditik une hartan Julio Medemi ematen zitzaion tratu negargarriari erantzun bat eman nahi genion», azaldu zuen Huescako jaialdiko zuzendariak. Hala, berari eta bere lanari omenaldia egitea proposatu zioten. «Baina ezin izan zen egin, une hartan bera ere ez zegoelako oso kontent. Baina aurten bai», esan zuen Escrichek. Ekimen horren barruan kokatzen da liburua, eta bertan, «bere ibilbidea aitortzen zaio, mundu osoan aitortu zaion ibilbide garrantzitsua»; ez diote «ezer berririk esaten ildo horretan». Baina lan horrek Medemen zinemari buruzko «galdera guztiak» erantzuten dituela gehitu zuen.

Liburuaren lehen atalean, Jose Luis Rebordinosek eta Jesus Angulok Julio Medemen zinema aztertzen dute; batetik, argumentuaren eta ideologiaren ikuspuntutik, eta bestetik, eszenaratzearen ikuspuntutik. Azterketa horren ondotik, Medemen hainbat testu jaso dituzte liburuan, zinemagileak berak hautatutako idatziak, eta jarraian elkarrizketa luzea dator. Azken atalean, filmografia eta biografia atondu dituzte.

Elkarrizketan pisu handia du Euskal pilotak, eta ekarri zuen guztiak. «Niretzat hau zinema-liburua baino gehiago da», esan zuen Medemek. «Euskal pilota film politikoa zen eta oso polemikoa izan zen, eta nola bizi eta sentitu nuen kontatzen dut hemen». Halere, dena ez da «Euskal pilota», beste filmak eta bere ibilbideko jazoera asko daude liburuan, esaterako, Spielbergek «El Zorro» zuzentzea proposatu zionekoa.

«Beharrezkoa zen Julio Medemi buruzko liburu bat idaztea, egun dagoen zuzendaririk hoberenetakoa delako, eta zalantzarik gabe, hurrengo urteetan ere hala izango delako», azaldu zuen Jesus Angulok.