Dantza.eus weborritik aterata.
Filmaren jatorria, AIKO Taldeak jotaren aurrean duen debozioan dago, erabateko dantza (eurak esaten duten moduan), jatorrian Elizak bekatuzkotzat hartu zuena eta euskal nazionalismoak garbi eta kasto bilakatua, landa inguruko munduari lotua, betidanik hirikoa izan den eta den arren, etengabe berriztatzen dena eta gaur egun erabat indarrean dagoen gaur egungo kultur adierazpena.
«Jotamentala», AIKO Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da. Plataforma horretan grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta dantza herrikoi horri buruz ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da
AIKOko kideez gain, Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzariek eta koreografoek eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariek ere euren testigantza eskaintzen dute.
AIKO Taldearen eta Bideografik Ekoizpenak etxearen artean ekoiztutako «Jotamentala» lanaren estreinaldia otsailaren 12an, ostiralean, izango da, arratsaldeko 19:30ean, Bizkaia Aretoaren Auditorioan, sarrera librea izango duen baina sartzeko gonbidapena beharrezkoa izango den ekitaldian.
Ondoren, otsailaren 19an Errenterian eskainiko da, eta ostean Gasteizen eta Iruñean. Iparraldeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan egin den filmak artxiboko irudiak eta argazkiak ere baditu, 1955ean Orson Wellesek BBC katerako egin zuen «The Land of the Basques» dokumentalaren sekuentzia bat barne
«Jotamentala» trailerra:
Dantzak erakusteko eta ikasteko modu desberdinaren bitartez Euskal Herriko dantza tradizionalak berreskuratzeko lanean duen esperientzia luzean oinarrituta, AIKO Taldeak dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa, jota ezaguna, irudien bitartez omentzea erabaki du. Baina Sabin Bikandi, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda edo Josu Garate bezalako AIKO taldeko kideez gain, «Jotamentala» dokumentalak aditu askoren testigantza ere eskainiko digu, Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzari eta koreografoena eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariena, besteak beste.
Jota: erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena
Filmaren jatorria, AIKO Taldeak jotaren aurrean duen debozioan eta bere ibilbidean milaka pertsonari transmititzea lortu izatean dago. Banaka eta bikoteka egiten den erabateko dantza, aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen duena. Hori dela eta, Elizak bekatuzkoa zela esan zuen. Eta, folklorearen imajinario nazionalistak landa ingurunekotzat hartu zuen arren, batez ere hirikoa izan den eta den dantza da, eta horregatik da hain ezaguna. Eta etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da.
“Jotamentala”, AIKO Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da. Plataforma horretan audio eta bideo grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta, orokorrean, dantza herrikoi horren inguruan ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da. Horrela, dokumentala jotaren jatorriei, oinarriei, esanahiari eta bilakaera historikoari buruzko sarrera da.
“Atzerriko eta bekatuzko” dantza izatetik euskal dantza “kasto eta garbia” izatera
Jotak Euskal Herrian izan duen bilakaera azpimarratu behar da. XIX. mendearen amaieran “atzerriko” dantza bekatuzkotzat eta erotikotzat ikusia izan zen, eta XX. mendean bertako dantza “kasto eta garbiaren” sinbolo bilakatu zen nazionalistentzat. Horrela, dokumentalean parte hartzen duten aditu eta ikerlari ugarien ekarpenek jotaren errealitatearen ikuspegi askoz ere zabalagoa, aberatsagoa eta anitzagoa ematen digute.
Horrez gain, filmak, Iberiar penintsulako eta Hego Ameriketako lurralde askotako folklorean eta tradizioetan agertzen den dantza herrikoi horren kulturartekotasuna azpimarratzen du. Jotaren ibilbideak norberaren kultura bestearen ikuspegitik berrikustera eta forma aldetik dituen adierazpen ugariak aztertzera behartzen gaitu. Euskal Herrian, adibidez, jatorriz zuen gorteatzeko funtzioaren lekua euskal nazionalismoak eman zion funtzio sinbolikoak hartu zuen, eta, aldi berean estiloa ere aldatu egin zuen, balletetik gertu zeuden formak jasotzeko. Azken hamarkadatan balioa eman zaio jatorrizko estiloari: bikotearekin egiten den jolasa, musikaren eta erritmoaren garrantzia, inprobisazioa, eta baita pausoan eta lurrean egiten den dantzaren teknika tradizionala ere.
Testigantzak biltzeko orduan, AIKO Taldeak ahalegin berezia egin du, euren esperientzia eta ibilbidea kontuan izanda, jotari buruz zer esan handia duten ahots garrantzitsuak elkartzeko. Horien artean daude, besteak beste, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Irigoyen, Jose Inazio Ansorena, Jon Pertika, Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Kepa Artetxe edo Xabier Etxabe. Dantza herrikoiaren erretratu aberats eta inpresionista horretan, bakoitzak, folklorearen adierazpen horren dimentsio anitzeko ikuspegia aberasten duen ikuspuntua ematen du.
Azpimarratzekoa da, baita ere, Jon Maya Kukai Dantza Konpainiaren zuzendari eta AIKO Taldearen sortzaileetako baten partaidetza; eta baita Cesc Gelabert koreografo katalanarena edo Sergio Cobos (Galizia), Agustín García (Salamanca), Jesús Vicente eta Rosa Cuervo (Asturias) dantza maisuena ere.
Orson Welles eta Miley Cirus
Adituen iritziarekin batera, “Jotamentala” lanak balio estetiko handia duten sekuentziak eta irudiak ere eskaintzen ditu, musikaren eta mugimenduaren bitartez hitzak gainditzen dituzten kontzeptuak eta sentimenduak transmitituz. Laburbilduz, batez ere komunikazio ariketa gisa ulertzen den dantzaren ideia ematen du.
Baionako, Hernaniko, Donostiako, Bilboko, Durangoko, Areatzako eta Zeanuriko hainbat lekutan filmatu den “Jotamentala” lanean azpimarragarria da, baita ere, artxibategietan aurkitutako material baliotsua erakusten duela, argazkiak eta filmak, Kutxaren artxibategian, Gipuzkoako Artxibategi Orokorrean edo Bilboko Euskal Museoan jasotakoak, besteak beste. Horrez gain, 1955ean Orson Wellesek BBC katerako egin zuen “The Land of the Basques” dokumentalaren sekuentzia bat ere jasotzen du.
Horrela, filmak jotaren jatorriari, bilakaerari, testuinguru sozio-politikoari, aldaerei, erromerietan dantzatzeko moduari, denboran zehar izan dituen berrikuntzei, hain ezaguna izatearen arrazoiei eta une honetan duen erabateko gaurkotasunari buruzko hainbat atal dokumentatzen ditu. Bere 50 minutuetan, “Jotamentala” lanak hainbat motatako eszenatokitara eramaten gaitu: AIKO taldearen ikastaroetatik eta emanaldietatik Kukai edo Ereintza Dantza Taldeen koreografietara, XVIII. mendeko jauregietako dantza bat edo XVI. mendeko gallarda bat berregitera, telebistako irudietara, gaur egun artxibategietan kontserbatzen diren etxean egindako filmazioetara, antzinako argazkietara…
Jotaren unibertsoari ematen dion gainbegiratuan, beste musika genero eta estilo batzuekin dituen lotura ugariak ere aipatzen ditu dokumentalak, horietako batzuk dantza herrikoiarekin oso gutxitan erlazionatu diren arren. Horrela, AIKO Taldearen interpretazioekin batera (“Aurrez Aurre”, “Oinak Kantuz”, “Soken Dantza”, “Bilgua”, “Kobreik!” eta “Herri Musika ta Dantza” CDetatik jasotakoak), dokumentalaren soinu bandak mota guztietako melodiak jasotzen ditu, Jordi Savallen edo Enrike Solinísen antzinako musika (duela denbora gutxi kaleratutako “Euskel Antiqva” CDkoa), Miley Cyrusen popetik igaroz, Jesús Guridiren piezak, Asturiaseko, Galiziako eta Salamancako jotak edo Eva Cassidyk eskaintzen duen Tennesseeko balsa ahaztu barik.
Dokumentala, egoitza Durangon duen Bideografik Ekoizpenak etxeak ekoiztu du. AIKO Taldeak lehendik ere egin du lan ekoizpen etxe horrekin, “Dantza Plazara” (2013) film labur dokumentalean, hain zuzen ere. Gidoia Carlos Iglesiasena da, zuzendaritza Eukeni Arriortuarena eta errealizazioa Xabier Zabalarena.
No se han encontrado comentarios