La empresa de telecomunicaciones Euskaltel, la productora Bainet, la editorial Elkar y tres grupos editores ­EKHE (GARA y «Euskal Herriko Kazeta»); EKT («Berria») y CMN (grupo ligado a «Deia» y Noticias)­ han unido su experiencia para impulsar, una red de televisión local en euskara lo más amplia posible. Esta iniciativa se ha dado en llamar «Hamaika telebista hedatzeko taldea».

Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkarteak (EKHE), hau da, GARA eta «Le Journal du Pays Basque» egunkariak argitaratzen dituen taldeak; Corporacion Multimedia del Nortek (CMN), «Deia» eta Noticias talde osoa editatzen duenak; eta Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT), oraingoan, «Berria» egunkaria argitaratzen duenak Euskaltelekin, Elkar argitaletxearekin eta Bainet enpresarekin bat egin dute, eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea sortu.

Atzo, Bilbon, Kale Nagusiko Euskaltelium egoitzan, aurkezpen ekitaldia egin zuten talde berriaren proiektu erakargarriaren berri emateko, hau da, «euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izan dezagun» proiektua eta, bereziki, «eskualde bakoitzean euskarazko telebista» sustatzeko asmoa.

Euskal gizarte eragileen ordezkaritza zabala batu zen ekitaldian, eta oso interesgarritzat eta beharrezkotzat jo zuten, batzuek eta besteek, tokiko euskarazko telebistaren proiektua.

Euskaltel-eko Negozio Garapenerako zuzendari Mikel Astorkiza pozik agertu zen Euskal Herriko sei enpresa horiek euskarazko telebistak sortu eta bultzatzeko egitasmo «berri» eta «eder» horretan bat egin dutelako. Bere enpresak «telekomunikazioaren arloan euskararen alde egiteko kezka eta ardura» erakutsi duela aipatu zuen: «Ez bakarrik hizkuntzaren alde egin nahi dugulako, baizik eta komertzialki ere ezinbesteko ikusten dugulako».

Horiek hala, Hamaikarekin, «euskarazko telebistak sustatuko dituen proiektu horrekin, euskaldunen arteko komunikazioak euskaraz egiteko aukerak areagotu egingo dira».

Ondoren, EKHEko kontseilari-ordezkari Gorka Altunak hartu zuen hitza: «Gure izatearen funtsarekin bete-betean egiten zuen bat egitasmo honek». Gehienbat prentsa arloan aritzen den taldea izanik, telebistaren alorrean «zer gertatzen ari den» ohartzeko hori oztopo ez dela esan zuen. «Gero eta telebista kate gehiago sartzen dira gure etxeetan, eta horietatik gehienak Euskal Herritik kanpo ekoitzitakoak dira», adierazi zuen.

Komunikazio talderik sendoena

Orain artean sekula sortu den euskarazko «komunikazio talderik sendoena» osatzen dutela esan zuen, eta ez hori bakarrik, Hamaika taldeak proiekzio handia izan dezakeela jakinarazi zuen Altunak. «Sei enpresa bildu gara, baina askoz ere gehiago biltzeko asmoarekin etorri gara. Benetan, hamaika izateko asmoarekin etorri gara, «˜hamaika’ zenbakiak euskaraz duen zentzu mugagabean», esan zuen. Alde horretatik, enpresa, partaide, ikusle eta jarraitzaile mugagabe lortzeko helburua aipatu zuen proiektua aurrera ateratzeko baldintza modura.

Iñaki Altzaga CMNko kontseilari-ordezkariak esan zuen: «Hamaika telebista diogunean, ezin jakin oraindik hamar, hamabi edo hamabost telebista izango diren sortuko ditugunak; gure helburua, ordea, garbia da: eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatu nahi dugu. Azken finean, euskarazko telebista eskaintza handitu eta zabaldu nahi diogu euskal teleikusleari, euskal herritarrari».

Ondoren, talde berriaren lehenbiziko urrats zehatza aipatu zuen: «Tokiko telebista digitalaren lizentziak banatzen dituzten lehiaketetara aurkeztea izango da gure lehen urratsa eta helbururik behinena. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan lizentziak banatzeko deialdia egiten duenerako prest izango da Hamaika tokian-tokian berarekin parte hartu nahi duten eragileekin proiektuak prestatzeko. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ez ditugu ahaztuko, nazio bokazioa baitu proiektu honek, nahiz eta tokian-tokian txertatu».

Joanmari Larrarte EKTko kontseilari-ordezkariak mezu bat zabaldu zuen hitza hartu zuenean: «Euskaraz telebista egitea posiblea da; zaila da; garestia da; denon esfortzua eskatuko du… baina posible da. Ez da ezinezko».

Ondoren, proiektuaren benetako ibilbidea aipatu zuen Larrartek, eta Hamaika «sortu berri den egitasmoa» dela argitu. «Ez beza inork pentsa dena eginda dagoela; ez da horrela; esateko asko bezala, egiteko asko daukagu. Hamaika egiteko, dena eginkizun», azaldu zuen.

Eskualdez eskualde egitasmoa abiatzen denean bertako eragileekin elkarlanean egin nahi dituzte gauzak: «Ezagutzen gaituzuenok badakizue elkarlana ez dela guretzat propagandan ondo egokitzen den hitz bat; elkarlana gure izaeraren muinean daukagu txertatuta».

Dei zabala egin zuen Larrartek, hasteko, une honetatik bertatik, eragile eta euskaltzale guztiei, eskualdez eskualde euskarazko telebistak egiten hasteko. Eskualde bakoitzean bertako eragileekin bilduko da Hamaika euskarazko telebistak antolatzeko eta lizentzia lehiaketara aurkezteko.

Lehenengo deia euskalgintzan ari diren elkarte, enpresa eta pertsonei egin zien; ikus-entzunezko arloan lanean ari diren produkzio etxe eta kamera aurreko eta atzeko langileei egin zien bigarrena. «Gainera, herritarrari dei egiten diogu bera izango delako gure egitasmoaren ardatza».

Aurkezpen ekitaldiari bukaera emateko, parte hartzen duten enpresetako ordezkariak bat eginik eta eskuak lotuta agertu ziren Euskaltelium-eko taula gainean. Ondoren, eragile eta gonbidatuekin elkartu ziren proiektuaz mintzatzeko.