Hiriburuetatik eta saltoki handietatik kanpo herri txikietara zinema eramateko balio duen egitasmoa da Topaguneak aurten bigarren aldiz eratu duen Euskarazko Film Laburren Zirkuitua. Bihar hasi eta martxoaren 23a arte, 22 herritan egingo dituzte emanaldiak, eta euskarazko bost lan erakutsiko dituzte. Emanaldi gehienetan zuzendariek ere hartuko dute parte.


Iñigo Kintanaren eta Iñaki Beraetxeren «Ostertz», Safy Neboouren «Lepokoa», Anjel B. Aldarondoren «Amnesiak», Ane Muñozen «El salto de Beamon» eta Koldo Almandozen «Amuak» lanak erakutsiko dituzte Topaguneak aurten bigarren aldiz eratu duen Euskarazko Film Laburren Zirkuituan.

Josean Arbelaitzek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sormen eta Zabalpeneko zuzendariak, atzo zirkuituaren aurkezpenean gogorarazi zuenez, film laburrak loraldian dira EuskalHerrian, eta «beharrezkoa da euskaraz egin direnak ezagutzera ematea, publikoa ere badutelako; gehituz doan publikoa, gainera».

Manuel Moreno Topaguneko kultura arduradunak zirkuituaren ezaugarriak aipatu zituen. «Bost film labur erakutsiko ditugu bigarren zirkuitu honetan. Bost filmeok ordu eta laurdeneko emanaldia osatuko dute eta emanaldiaren ostean, solasaldiak izango dira zuzendariekin, ikusleek galderak egiteko aukera izan dezaten», esan zuen Topaguneko ordezkariak.

70 elkartetik gora biltzen ditu Topaguneak, eta elkarte horiek antolatuko dituzte emanaldiak. «Zirkuituaren helburu nagusietako bat zinema desmitifikatzea da; ez dela Hollywoodeko kontua bakarrik jendeari erakustea. Zinema bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu ikusleei», jarraitu zuen Morenok.

«Nik zinemagile naizen aldetik esan dezakedan gauza bakarra zera da: hau luxu bat dela», esan zuen, bestalde, Ane Muñoz zinemagileak. «Normalean, gure lanak erakutsi ahal izateko jaialdiak bakarrik izaten ditugu. Inolako lehiakortasunik gabe gure lanak erakusteko horrelako aukera bat izatea eskertzekoa da. Gainera, sekula zinema iritsi ez den bazterretara iristen da zirkuitua. Nik iazko esperientzia daukat. Nire laburra herri pilo baten ikusi zen eta neuk aurkeztu nuen lekuetan txunditurik geratu nintzen adin eta era askotako jendea biltzen baita lanok ikustera. Horietako askok ez dakite labur bat zer den ere. Oso pasadizo politak gertatu zaizkigu zirkuitu honetan. Soraluzen, esate baterako, kapera batean eman zituzten gure laburrak. Uste dut maindire batekin egin zutela pantaila. Han denak isil-isilik filmak ikusten ikustea miragarria iruditu zitzaidan. Errepikatzeko amorratzen nago. Ikusle berriak, zinemazale berriak sortzeko bide on bat dela iruditzen zait zirkuitua», adierazi zuen Ane Muñozek.

Bihar hasi eta martxoaren 23a bitartean, Irunen, Ordizian, Oionen, Erandion, Aretxabaletan, Irurtzunen, Azkoitian, Hernanin, Oñatin, Atarrabian, Arrasaten, Soraluzen, Etxarri-Aranatzen, Deustuan, Areatzan, Santutxun, Durangon, Ermuan, Aiaran, Mutrikun, Balmasedan eta Altsasun egingo dituzte emanaldiak lekuan lekuko elkarteek antolatuta.

Jasone Mendizabalek, Topaguneko zuzendariak, erakunde horren helburuen barruan sartu zuen egitasmoa. «76 bazkide ditugu Topagunean, eta, beste gauza askoren artean, euskara erabiltzeko programak bultzatzen ditugu eta horien barruan sartzen da gure egitasmoa», azaldu zuen. Jasone Mendizabalek adierazi zuenez, iazko zirkuituan 1.300 ikuslek hartu zuten parte.