Ostiralean hasi eta hilaren 25a arte, Iruñean, zinema dokumentalaren nazioarteko bigarren «Punto de Vista» jaialdia izango da. Aurten, hamabost film luzek eta bederatzi film laburrek hartuko dute parte lehiaketan, eta sarietatik at, Japoniako zinema dokumentalaren atzera begirako bat eta X Films produkzio-etxeari omenaldia izango dira jaialdian.
Guztira, dena den, mundu osoko 66 film proiektutatuko dituzte; besteren artean, Turkiakoak, Kyrgyzstan-ekoak eta Suitzakoak, eta horietatik seirentzat lehenengo emanaldia izango da.
Jaialdian ikusi ahal izango diren bitxikerien artean, Jose Antonio Sistiaga artistak eginiko lana izango da. Sistiagak 108.000 fotograma margotu zituen banaka «Era erera baleibu icik subua aruaren» filmerako, eta X Filmsaren omenezko zikloan emango dute.
Juan Huartek 1963. urtean sortutako produkzio-etxeari eskainitako sailean ere Nestor Basterretxearen «Operación H» lana proiektatuko dute, Jorge Oteizaren eta Rafael Ruiz Balerdiren beste lan zinematografikoekin batera. Era berean, Jose Luis Garciren, Luis Eduardo Auteren eta Jose Luis Garcia Sanchezen lehenengo lanak ere izango dira zikloaren programan, bai eta Gabriel Blancoren animazio lana ere, besteren artean.
Jaialdiko lehen egunean Peter Forgacs-ek «El perro negro» lana aurkeztuko du. Film horretan zuzendari hungariarrak beste hainbat zuzendari amateurren grabazioak hartu zituen, eta ondoren collage bat egin zuen. Emaitza Estatu espainoleko gerra zibilaren inguruko lan bat da, eta sari ugari jaso du. Beste lan askoren artean, «Murderball» pelikula ere nabarmendu behar da; aurtengo Oscarretarako izendatuta dagoena, hain zuzen.
«Mila urteen zinema»
Antolakuntzakoek Japoniako film dokumentalen inguruko atzera begirakoari «Mila urteen zinema» izena jarri diote, bertan Ogawa Shinsuke-ren lanak ikusteko aukera izango da eta ekialdeko zineman aditu Abe Mark Nornes Iruñera bertaratuko. Makoto Satí´ ere jaialdira etorriko da, eta bertan, «Living on the river Agano» eta «Memories of Agano» lanak proiektatuko ditu.
«Punto de Vista»ren beste sailetako bat «Jaialdien jaialdia» izango da, joan den urtean egin moduan. Bertan, beste jaialdi batzuetan 2005ean ikusi ahal izan diren lanak bilduko dituzte. Besteren artean, Ross Kauffman-en eta Zana Briskiren «Born into Brothels», Nino Kirtadze-ren «A Pipeline next door», Leonard Retel-en «Helmrich Shape of the Moon» eta Pirjo Honkasaloren «The 3 rooms of melancholy» ikusi ahal izango dira.
Aurten, bestetik, musikari ere jaialdian tokia egin nahi izan diote eta horretarako bi egunetan musikariekin erlazionatutako «Morente sueña la Alhambra», «Al otro lado», «Punk Attitude» eta «Sevilla City» izeneko dokumentalak emango dituzte Golem Yamaguchi zineman. Horrekin batera, bi kontzertu antolatu dituzte; Los Rufianesena, Yamaguchin eta doan izango dena, eta Lori Meyersena, bestetik, Artsaian.
Nahiz eta azkenean lehiaketan 24 lanek hartuko duten parte, 238 film luze eta 124 film labur jaso dituzte urtearen buruan, eta horiek sailkatzeko lana Koldo Lasak, Carlos Muguirok, Juan Zapaterrek, Alberto Cañadak, Gonzalo de Pedrok eta Ana Herrerak izan zuten. Epaimahaia, berriz, Makoto Satí´ eta Mercedes Alvarez zinema zuzendariek, Abe Mark Nornes ekialdeko zineman aditu eta irakasleak, Carlos Canovas argazkilariak eta Francisco Calvo Serraller irakasle eta arte kritikariak osatzen dute.
Film guztiak Civicanen euro baten truke eta Golem Yamaguchi zineman biren truke ikusi ahal izango dira. Emanaldiak 10.30ean hasiko dira eta 22.30ean bukatu egunero. Eta sarrerak salgai dira, nahiz eta egunean bertan ere eskuratu ahal izango diren.