Rencontre des Docks Dokumentalek munduko gertakarien lekukotasuna emateko duten garrantzia nabarmendu nahi izan du L’Atalante zinema aretoak hilaren 28a arte Rencontre des Docks deituriko jaialdia antolatuta. Lau egunez, zinemagileekin topaketak eta eztabaidak izanen dira eta dokumental argitaragabeak proiektatuko dituzte Baionako zinema aretoan.

Merkataritza zinema-aretoetan ahotsik ez duen zinema goraipatu nahi du, aste honetan, Baionako L’Atalante aretoak. Berrikitan hiru gela zabaldu ditu, eta urteroko lehen hitzordua finkatu nahi izan du Artea eta saiakera nagusiki agertzen dituen zinema aretoak.

Gaur hasi eta ondoko maiatzaren 28a arte, dokumentala izanen da nagusi L’Atalanten «Rencontres sur les Docks» deituriko jaialdiari esker. Eta, bertan, zinema aretoko arduradunek programa argitaragabeak azaltzea aukeratu dute.

«Michael Moore Cannesko jaialdian aurkeztu zelarik, dokumentalak bultzada handia izanen zuela aipatu zuten. Baina ezin dio luzaz eutsi merkataritzaren eta entzulearen arauei», nabarmendu zuten jaialdiaren antolatzaileek.

Urteroko hitzordu horren lehen edizioan, «Lekukoak» gai nagusia jorratzea erabaki dute. «Zinema gure gizartearen erronka nagusien lekukoa bilakatzen da askotan», gehitu zuten antolatzaileek.

Hori dela-eta, gaia hainbat gogoeta eta formaren bidez aipatuko dute bost eguneko jaialdi horretan. Hau da, film proiekzioak, eztabaidak eta egileekin topaketak eginen dituzte.

«Jaialdi horretan, lehenik, borrokatzen direnei hitza eman nahi diegu», esan zuten jaialdi berriaren bultzatzaileek. Georges Ibrahim Zisjordaniako azken zinema irekirik mantentzeko borrokatzen ari den zinemagilea, Rene Vautier zinema aretoetan sekula azaldu ez dituzten berrehun bat filmeren egilea eta Hociane Zouarar Aljeriako argazkilaria izanen dira jaialdian horretan.

Rene Vautier zinemagilearen izena eman diote, izan ere, L’Atalanteko arduradunek gela berri bati.

Beste hiru dokumentaletan, musikaren bidez bidaiatzeko aukera emanen dute L’Atalante aretoko arduradunek: «Musica Cuba», Madagaskarreko «Mahaleo» eta Siberiara. Proiekzio bakoitzaren ondotik, musika emanaldiak izanen dira.