Baserriko munduari buruzko zinema zikloaBaserriko munduari buruzko zinema zikloa egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean eta Larrotxene Kultur Etxean, azaroaren 22tik 26ra bitartean, «Nekazaldia» goiburuarekin. Landa-eremuko errealitatea hirira hurbiltzea, bi bizimoduetan existitzen diren baloreei buruzko eztabaida sustatzea, eta bi eremuetan bizi diren hiritarren arteko elkar ulermena dira ekimenaren helburuak.

+ info (castellano -pdf-).


Landatar Munduko Foroa, Artzain Mundua elkartea eta Euskal Herriko zenbait erakunde publiko eta pribaturen laguntzari esker egingo da zikloa, eta gaur aurkeztu dute, Donostian, Nuria Lopez de Guereñu Gipuzkoako Landa-eremuko Garapenerako foru diputatuak eta aipatu elkarteetako kideek.

Jaialdiko antolatzaileek lau pelikula eta iragarkien ikus-entzunezko erakusketa bat aukeratu dituzte produkzio zinematografikoko eta publizitarioko adituen laguntzarekin.

Pelikulek eta iragarkiek landa-eremuko jendeen eta bertako agertokien idiosinkraziaren atal bat erakutsiko dute. Orokorrean, material honek bizimodu hauen aberastasun etnografiko, etnologiko, antropologiko, fotografiko eta paisajistikoari buruzko ikuspegi osoa eskainiko dio ikusleari.

«Tilai», «Dersu Uzala» eta «Chica de Paris» filmak emango dituzte zikloan. Gainera, «Oilasko ihesa» haurrentzako pelikula ere izango da ikusgai. Film bakoitzaren aurretik, adituek aurkezpen bat egingo dute, eta, sarrera moduan, gogoeta pentsatuago eta pertsonalago bat ematen saiatuko dira.